Zerga zuzenak

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) (2017 Kanpaina)

Zerga mota Zuzena
Jasotzailea Foru Aldundia
Zergaduna Pertsona fisikoak
Oinarri ezargarria Urteko errendimenduak edo sarrerak
Oinarriaren murrizpenak Laburpen taula
Oinarri likidagarria Oinarri ezargarriari oinarriaren murriztapenak kendu ondorengo kopurua
Tarifa edo tipoa Laburpen taula
Kuota Oinarri likidagarriari tarifa edo tipoa aplikatzerakoan ateratzen den kopurua
Kenkariak Laburpen taula
Ordaindu beharrekoa Kuotari kenkariak kendu ondorengo emaitza

Zerga zuzena da eta urtero zergaldiaren hurrengo udaberrian aitortzen da eta errenta kanpainarekin batera izaten da. Era berean, zergaldia hasi baino lehen, lanaren etekinen taulak, ondare irabaziak kalkulatzeko eguneratzeko koefizienteak, arauen aldaketak eta abar argitaratzen dira. Zerga hau Gipuzkoako Foru Aldundiak batzen du.

Zer zergapetzen du?

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergak urte naturalean Gipuzkoan egoitza duten pertsonek lortutako errenta kargatzen du. Zerga hori berdintasun, orokortasun eta progresibitatearen printzipioei jarraituta eratzen da, zergadunen egoera pertsonala eta familiarra kontuan izateaz gain.

Nola kalkulatzen da ordaindu beharrekoa?

  1. Oinarri ezargarria: Errendimendu edo sarrerak: bost aspektu edo atalei jarri behar diegu arreta eta bakoitzetik lortutakoa batu behar da, hauen batura da:
    1. Lanaren irabaziak (besteren konturako lanarenak).
    2. Kapital higiezinaren errendimenduak (Lokalak, etxebizitzak... emandako errendimentuak).
    3. Kapital higigarrien errendimenduak (kapitalaren jabetzatik eratorritako sarrerak; adibidez, banku-interesak eta enpresa-akzioen irabaziak).
    4. Jarduera ekonomikoen errendimenduak (norberaren konturako lanarenak).
    5. Ondare-irabaziak eta -galerak (higiezin, ekintza, fondo edo bestelakoen salmenta edo dohaintzatik sortutako ondare irabazi eta galerak).
  2. Oinarriaren murrizpenak: Oinarri ezargarriari, egoeraren arabera, zenbait murrizpen ezar daitezke. Informazio gehiago Laburpen taula
  3. Oinarri likidagarria: Oinarri ezargarriari oinarriaren murriztapenak kendu ondoren lortzen den kopurua da.
  4. Tarifa edo tipoa: Oinarri likidagarriari ezartzen zaion ehunekoa. Ehunekoa zein den jakiteko ikus Laburpen taula
  5. Kuota: Oinarri likidagarriari tarifa edo tipoa aplikatzerakoan ateratzen den kopurua.
  6. Kenkariak: Kuotari egoeraren arabera, zenbait murrizpen ezar daitezke. Informazio gehiago Laburpen taula
  7. Ordaindu beharrekoa: Kuotari kenkariak kendu ondorengo emaitza da.

Adibidea

Edurne informatikaria da eta Teknik enpresan lan egiten du. Hiru urteko haur baten ama da eta guraso bakarra da. Urteko errendimenduak edo sarrerak, dagozkien murriztapenak egin ondoren, honako hau da: 42.750€

Kenkariak aplikatzerakoan, kontuan izan behar dugu Edurne 3 urteko haur baten ama dela.

Zenbat ordaindu behar du Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ)?

Kalkulua honela egingo dugu:

  1. Oinarri Likidagarria: 42.750€ (Urteko errendimenduei murriztapenak kendu ondorengo emaitza).
  2. Tarifa kalkulatuko dugu. Horretarako Laburpen taulan Tarifa izeneko atala erabiliko dugu:
    1. Oinarri likidagarria 42.750€ da. Hain zuzen ere 31.100 eta 46.650 artekoa, (2017 urteko taularen arabera) beraz 31.100ekoaren lerroa dagokio.
    2. Kuota osoa : 7.930,50€
    3. Horren gainetik geratzen den oinarri likidagarria da: 42.750 - 31.100 = 11.650. Eta horri %35a dagokio; beraz, 11.650 x %35 = 4.077,50€
    4. Orduan, Aurretiko kuota osoa guztira: 7.930,50€ + 4.077,50€ = 12.008€
    5. Horri, kuota orokorraren murrizpena aplikatzen zaio: 12.008€ - 1.389€ = 10.619€
  3. Kenkariak:
    1. Kenkari pertsonala eta familiarrak:
      1. Lehenengo alabarengatik: 585€
      2. Eta 6 urtetik beherakoa izateagatik: 335€
  4. Azkenean, PFEZgatik ordaindu beharrekoa: 10.619€ - 585€ - 335€ = 9.699€

Ekin lanari!