Ikasbidaia antolatzen

Aurten zuen gelako ikasbidaia antolatu behar duzue. Zenbat erabaki aurrean! Ekintza honek planifikatzea suposatuko dizue, ezta? Lan horretarako pistak eskainiko dizkizuegu:

  • Zenbat lagun zarete gelan?
  • Nora antolatu duzue?
  • Zenbat egun egin behar duzue?
  • Nola lortuko duzue dirua?

Zenbat ideia! Baina guzti horrek beste modu bateko planifikazioa eskatzen du. Ikasbidaia egin ahal izateko, beraren kostua kontuan hartu beharko duzue, hau da autobusaren, ostatuaren, jatorduen, egingo diren ekintzen kostua...

Baina garrantzi handia izango du ere gastuak nola ordainduko ditugun aztertzeak. Kuotak, zein ekimen burutuko dituzuen dirua lortzeko... Galdera asko! Baina hori da aurrekontu batek behar duena: Gastuen eta Diru sarreren deskribapena!

Ikasbidaia antolatzeak erabaki batzuk hartzera behartuko zaituzte, besteak beste, baliabideak lortzeko sor daitezken egoerak eta bakoitzaren erantzukizuna.

Hau da saltsa! Talde txikietan azter itzazue ondorengo egoerak eta saia zaitezte bakoitzari irtenbidea aurkitzen:

  • Nire gelakide batek ez du kuotarik ordaintzen.
  • Gelakide batek kuota guztiak ezin izan ditu ordaindu, etxeko egoera ekonomikoarengatik.
  • Dirua lortzeko zerbait antolatu dugunean denon parte-hartzea garrantzitsua da.
  • Erantzukizuna ez da guztiona.
  • Ikasbidaira joan behar dugun guztiok kuotak jartzea ez da hain garrantzitsua.
  • 2 gelakidek ekimen baten ez dute parterik hartu nahi.

Konturatu zarete?

Ikasbidaia eta zerbitzu publikoak? Ba al daukate zer ikusirik?

Zuen ikasbidaia antolatzerakoan zenbat galdera sortu zaizkizuen? Zenbat eztabaida? Zenbat erabaki?...

Gure gizartean Udalak bere herria, Foru Aldundiak Gipuzkoa osoa eta Eusko Jaurlaritzak Euskal Komunitate Autonomoa antolatzen, gobernatzen... erantzukizun handia dute, ematen dituzten zerbitzuak eta hauetarako beharrezkoak diren baliabideak lortzeko erabakiak hartu behar dituztelako.

Unitate honetan erakunde publikoak ezagutu, ematen dituzten zerbitzuak aztertu eta horiek bideratzeko behar dituzten diru iturriak zeintzuk diren ezagutuko dituzue.