Zeharkako zergak

Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ)

Zerga mota Zeharkakoa
Jasotzailea Foru Aldundia
Zergaduna Pertsona fisikoak eta pertsona juridikoak
Oinarri ezargarria Eskuratutako ondasunen edo zerbitzuen balioa
Oinarriaren murrizpenak Ez daude
Oinarri likidagarria Eskuratutako ondasunen edo zerbitzuen balioa
Tarifa edo tipoa

Tasa oso murriztua: %4

Tasa murriztua: %10

Tasa orokorra: %21

Kuota Oinarri likidagarriari tarifa edo tipoa aplikatzerakoan ateratzen den kopurua.
Kenkariak Ez daude
Ordaindu beharrekoa Kuota bera.

Garaiko EEEan (egun Europar Batasuna) 1992 urtean sartu zen indarrean ordura arte zeuden beste zerga batzuk kenduta eta Europar Batasuneko herrialdeen arteko zergak bateratze aldera, nahiz eta tokiak toki zergaren ehunekoa desberdina izan.

Zer zergapetzen du?

Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) kontsumoaren gaineko zeharkako zerga da, ondasunen erosketa edo zerbitzu profesionalak jasotzea izan. Azken kontsumitzaileek jasan behar dute.

BEZak produkzioaren kate-maila guztiak zergapetzen ditu (enpresariak BEZa jasaten du egiten dituen erosketetan eta gero salmentetan jasanarazten du) eta prozedura hori azken kontsumitzailearekin bukatzen da, benetan beronek ordaintzen baitu.

Tarteko enpresariek egiten duten bakarra da jasanarazitako BEZa eta jasandako BEZaren arteko diferentzia Ogasunari ordaintzea. Bestela esanda: BEZa, enpresari gehienentzako ez da ez sarrera eta ez gastua, Ogasunarekiko duten zor edo kreditua baizik.

Enpresariek edo profesionalek BEZaren likidazioak aurkeztu behar dizkiote Gipuzkoako Ogasunari.

Nola kalkulatzen da ordaindu beharrekoa?

  1. Oinarri ezargarria: Kontsumoa zergapetzen duenez, eskuratutako ondasunen edo zerbitzuen balioa da oinarri ezargarria.
  2. Oinarriaren murrizpenak: Ez daude.
  3. Oinarri likidagarria: Oinarri ezargarriaren berdina da.
  4. Tarifa edo tipoa: Produktu baten premia zenbat eta oinarrizkoago izan, orduan eta txikiagoa da aplikatu zaion tarifa edo tipoa. Dendan erosketak egindakoan kobratzen dizuten hiru motako BEZ horri erreparatu al diozu inoiz? Hona hemen horren azalpena:
    • Tarifa oso murriztua, %4koa. Premiazko ondasunei ezartzen zaie: barazkiei, esneari, ogiari, frutari...
    • Tarifa murriztua, %10ekoa. Hauei ezartzen zaie: elikagaiei, oro har; bidaiarien garraioari; etxebizitzari; eta liburutegien, artxiboen, dokumentazio-zentroen, museoen, arte-galerien, pinakoteken eta abarren sarrei.
    • Tarifa orokorra, %21ekoa. Hauxe da kasu gehienetan ondasun eta zerbitzuei aplikatzen zaiena. Besteak beste, etxetresna elektrikoak, arropak, oinetakoak, brikolajea, tabakoa, edari alkoholdunak, zine-aretoetarako sarrerak, telefonia mugikorreko zerbitzuak, eta ile-apaindegien zerbitzuak.
  5. Kuota: Oinarri likidagarriari dagokion tarifa edo tipoa aplikatzerakoan ateratzen den kopurua.
  6. Kenkariak: Ez daude
  7. Ordaindu beharrekoa: Kuota bera.

Adibidea

Ibilbide horren azkenean, ikusi bezala, Ogasunak 1.071€ kobratu du (hau da, 210 + 546 + 315 = 1071).

  • Nekazari batek alkondara lantegi bati kotoia saldu dio, 1.000€, guztira. Prezio horri %21eko BEZa zamatu dionez, fakturan osoko kopurua 1.210€ izango da, alkondara lantegiak ordaindu duena, alegia. Kobratutako BEZ kontzeptu gisa, nekazariak Ogasunean 210€ sartu beharko ditu.
  • Alkondara lantegiak, berriz, alkondarak dendari bati saldu dizkio 3.600€ gehi %21eko BEZa kobratuz: guztira, 4.356 euro. Salmenta hori dela eta, alkondara lantegiak Ogasunean 756€ ordaindu beharko luke, baina kotoia erostean 210 euroren ordainketa bereganatu zuenez, 756 - 210 = 546€ baino ez du ordainduko.
  • Dendariak bere bezeroei saldu dizkie alkandorak. Salmentak guztira 5.100€koak izan dira gehi %21a BEZagatik. BEZa gisa 1.071€ izango ditu bere kutxan. Ogasunari 315€ (1.071 - 756) eman beharko dio, alkandorak erostean beste 756€ ordaindu zituelako.

Ekin lanari!