Sektore publikoari buruzko kontzientzia pizteko kimua

Gizarte modernoak gero eta konplexuagoak dira. Zerga kontuak ez dira errazenak baina bere oinarrian dauden printzipioak oso sinpleak dira, eta denok ezagutu eta eztabaidatzeko modukoak: justizia fiskala, progresibitatea edota eraginkortasuna, esaterako.

Horrekin batera argi dago zergen beharra ulertzeko, edo hobeto esanda, gizarte aurreratuetan zergek duten ezinbesteko funtzioa ondo ulertzeko, funtsezkoa dela bildutako dirua zertan gastatzen den ezagutzea. 

Biak lotuz beraz, gure bizitzan sektore publikoak duen garrantziaz jabetzeko lehen urrats batean honakoak ezagutu behar ditugu: alde batean, diru publikoaren iturria (zerga-sistema) eta bestean, diru horren erabilera (aurrekontu publikoak).  

Kontzeptu sinple horiek herritarrengan, eta batez ere, ondorengo belaunaldietara hurbiltzeko sortu izan da unitate didaktiko hau. Izan ere, diru publikoaren inguruko ezagutza eta kontrola ez delako gutxi batzuen esku geratu behar; gizarte demokratiko batean herritar orok izan behar duelako denon artean eratzen dugun sektore publiko hori nola funtzionatzen duen jakiteko eskubidea eta betebeharra.

Unitate didaktiko hau norabide horretan eragin nahi duen ekimen berritzailea da, zalantzarik gabe, eta espero dezagun aipatutako helburu horiek lortzeko bidean baliagarri izatea. Giza obra guztiak bezala, hau ere etengabeko osatze prozesuan dago eta egingo duzuen ekarpen eta iruzkin guztiak ongi etorriak izango dira.

Ogasun eta Finantza Departamentua