GIDA DIDAKTIKOA

Proiektuaren ikuspegi didaktikoa da irakasleak malgutasunez erabili behar dituela sortzen diren materialak, jarraitu beharreko “gidaliburu bat” izan gabe. Abiapuntua da irakasle bakoitzak ongi ezagutzen duela laneko testuingurua, eta autonomia izan behar duela klasea nola eman erabakitzeko. Hortaz, proposatzen da irakasle bakoitzak gelako errealitatea aztertzea eta berak erabakitzea zer den onena ikasleentzat. Nolanahi dela ere, materialak prestatu dira hiru modu hauetan erabiltzeko:

  • Irakasleak egoki irizten duen eran. Materialak irudiak, bideoak, testuak eta mapa kontzeptualak dira, zerbitzu eta entitate publikoei buruzkoak, eta horietan zergak, iruzur fiskala eta fiskalitatearekin lotutako beste kontzeptu batzuk jorratzen dira. Material guztiak indibidualki erabili daitezke, uneko gaia zein den eta irakasleak zer interes dituen.
  • Sekuentzia didaktikoak 50 minutuko 3 edo 4 saiotan erabiliz. Saio horietan modu independentean erabil daitezke materialak.
  • Proiektuak osorik gauzatuz. Proiektu horiek hiru metodologia konbinatu eta garatzen dituzte: aurkikuntza bidezko metodologia, ikaskuntza kooperatiboa eta pentsamendu kritikoa sustatzeko metodologia. Proiektu horietan proposatzen da ikasleak beren ikaskuntzaren protagonista izatea, euren testuinguru erreala (auzoa, herria, hiria) eta kezkak eta ideiak abiapuntu hartuta, eta prozesuan zehar egiten diren hausnarketak aztertuta. Modu horretan ikaskuntzaren ikuspegi integralagoa lortu nahi da.

EGIN DAITEZKEEN JARDUERAK:

1- LANDU BEHARREKO EDUKIA: ZERBITZU PUBLIKOAK

Metodologia: aurkikuntza bidezko metodologia

Metodologia honen bidez, ikasleek beren ingurunea esploratu behar dute, eta dauzkaten ezagutzetan sakondu inguruan dituzten zerbitzuak publikoak edo pribatuak diren beren buruari galdetuz (inquiry-based learning). Ariketa honetan, ikasleek telefono mugikorra erabili behar dute haien iritziz publikoak diren zerbitzuen argazkiak egiteko. Horrela, beren ikuspegia integratzen dute gelan eta beren ideiak partekatzen dituzte ikaskideekin. Horrela, bi helburu beteko dira aldi berean:

  • Ikasleak motibatzea ingurunea mobileko kamerarekin bitartez deskubritzen dutelako, eta hezkuntza munduan gutxi erabiltzen den eta gazteen artean hain ohikoa den baliabide horri erabilera didaktikoa ematen zaiolako.
  • Ikasleei ikusaraztea telefono mugikorrak bezalako teknologiak ikaskuntza sustatzeko erabili daitezkeela eta haien bitartez begirada kritikoa ere landu daitekeela.

Sareen bidez, ikaskuntzaren hainbat printzipio kolaboratibo bultzatzen dira, eta hartara, gaitasun digitala ere lantzen da zeharka.

Curriculumeko konpetentzia posibleak:

Bai ahoz eta bai idatziz modu txukun, koherente eta zuzenean espresatzea eta interaktuatzea, zenbait komunikazio-premiari modu eraginkorrean erantzuteko.

IKTak modu kritiko eta autonomoan erabiltzea, informazioa eskuratu, komunikatu eta lankidetzan jarduteko.

Multimedia-elementuak sortzea, emandako espezifikazioak betez, planteatutako problemari konponbidea emateko. Horretarako, egoerari ondoen egokitzen zaizkion teknikak baliatu behar dira, eta erabiltzen dituen iturrien jabetza intelektuala errespetatu behar da.

Parte aktiboa izatea, eta lankidetzako aplikazioak erabiltzea Interneten, informazioa partekatuz eta hartuz eta helburu komunen alde lan eginez. Lan horretan, errespetuz eta elkarlanean jardungo dute ikasleek, denon artean produktu kolektiboak sortu ahal izan daitezen.

Jardueraren sekuentzializazio proposamena:
  1. Ikasleei beren inguruneko zerbitzu publikoak aztertzea eta horien argazkia mugikorrarekin ateratzea eskatuko zaie.
  2. Argazkiak gelako “Padlet” plataformara igoko dituzte, zerbitzu publikoen mural bat sortuz.
  3. Muralarekin ariketa ezberdinak egingo dira, argazkiak multzo ezberdinetan sailkatuz:
    1. Pribatu/Publiko (emakidak, kontzertazioak, araututako jarduerak: taxiak, estankoak, farmaziak, TAO, trafikoko garabiak...)
    2. Sailkapena esparruka. Adibidez: osasuna, segurtasuna, azpiegiturak, hezkuntza, garraioak etab.
    3. Argazki bakoitzaren atzetik dagoena aztertu (nondik dator? Zeinek jarri du? Zeinek mantentzen du? Zeinek kudeatzen du? Horrek zein beste zerbitzu eskatzen du?)
    4. Zer dago soberan? (debatea sustatu taldeka) Zer falta da? Murrizketaren aurrean nola jokatuko zenukete? Funtzio publikoaren betebeharra gizartean eta enpresa pribatuen bitartez eskaintzen diren zerbitzu publikoak.

Adibidea: Lizardi institutuko argazkien murala: https://padlet.com/KEpadlet/zerbitzupublikoenmurala

Ebaluaziorako proposamena:

Bai ahoz eta bai idatziz modu txukun, koherente eta zuzenean espresatu dira eta interaktuatu dute, zenbait komunikazio-premiari modu eraginkorrean erantzunez.

IKTak modu kritiko eta autonomoan erabili dituzte komunikatzeko eta lankidetzan jardun dira.

Argazkiak atera dituzte, emandako espezifikazioak betez, planteatutakoarekin lotura zuzena zutenak eta ariketa aurrera eramateko erabilgarriak zirenak.

Iturrien jabetza intelektuala errespetatu dute eta beraiek ateratako argazkiak igo dituzte, ez internetetik lortutakoak.

Parte aktiboa izan dute, eta lankidetzako aplikazioak egoki erabili dituzte interneten, informazio-igortzaile eta -hartzaile moduan, ekimen komunak sustatzeko.

Errespetuz eta elkarlanean jardun dira eta produktu kolektiboak sortu ahal izan dituzte.

2- LANDU BEHARREKO EDUKIA: ZERGA MOTAK ETA ZERGA-BILKETA PROZEDURAK

Metodologia: Ikaskuntza kooperatiboa

Ikaskuntza kooperatiboan, autonomia eta elkarren beharra konbinatzen dira, jarduerak aurrera eramateko. Ikaskuntza kooperatiboan jarduera mota asko dira posible, baina orokorrean talde bakoitzak ardura batzuk hartzen ditu informazioa bildu, antolatu eta aurkezteari begira.

Hasieran, aurre-ezagutzen inguruko galdeketa bat egingo genuke, eta galdeketa hau oinarri gisa erabil dezakegu talde heterogeneoak egiteko, baina, nahiago bada, talde naturaletan bil daitezke, hiru edo launaka.

Ondoren, bideoen laguntzaz gaiaren aurkezpena egingo genuke, eta hortik aurrera, azpigaiak banatu. Talde bakoitzak azpigai bat hautatuko luke edo geuk emango genioke. Taldeetan gaia landu eta ekoizpen bat egin beharko lukete gehien gustatzen zaien formatuan: bideoanimazioa, infografia, bideoa, abestia eta abar.

Curriculumeko konpetentzia posibleak:

Hizkuntzaren zenbait erabilera-eremutan sortutako ahozko, idatzizko eta ikus-entzunezko diskurtsoak ulertzea.

Ahozko zein idatzizko mezuak modu txukun eta koherentean komunikatu eta espresatzea.

Administrazio publikoek pertsonen eta enpresen bizitza ekonomikoan zer eragin duten jakitea, eta haren zerga-sistema eta gizarte-ongizatean duen eragina jakitea. Horren helburua da errentaren birbanatze-eginkizunaz jabetzea eta ohartzea zer zerga-betebehar ditugun herritar gisa.

Espainiako, Europako eta Euskal Herriko ekonomiak nazioarteko testuinguruan duten egoeraren eta perspektiben ezaugarri nagusiak zein diren jakin eta ulertzea.

Estatuak ekonomian izan dezakeen esku-hartzearen mailak aztertzea eta jarduera ekonomikoan duen eginkizunaren abantailak eta desabantailak ikustea, birbanatzeko eginkizuna duela ulertzeko, eta, beraz, denok administrazio publikoen karga orokorrean ekarpena egin behar dugula ulertzeko, eta argi edukitzeko demokratikoki aukeratu ditugun ordezkariek hartzen dituzten politika ekonomikoko erabakiek kontrol demokratikoa behar dutela.

Jardueraren sekuentzializazio proposamena:
  1. Hasieran, gaia landu aurretik, ikasleei galdetegi bat pasatuko zaie beraien aurre ezagutzak zeintzuk diren aztertu ahal izateko. (horren arabera taldeak egin daitezke)
  2. Behin galdetegiak beteta, “hasierako galderak” aurkezpenaren bidez ikasleen ideiak argituko lirateke. Hau gaiaren sarrera egiteko balioko digu.
  3. Ondoren, web orrialdean eskegita dauden bideo ezberdinen eta informazioaren bidez zergak, erakunde publikoak eta iruzur fiskalarekin lotura duten edukiak landuko lirateke. Ikas taldearen interesen, beharren eta aurre ezagutzen arabera gai bakoitza lantzeko sakontasuna erabakiko da.
  4. Behin edukiak landuta, ikasleak 3-4ko taldeetan banatuko lirateke. Talde bakoitzak azpigai bat landu beharko luke, era sortzailean ekoizpen bat sortuz (bideo bat, abesti bat, bertso bat, marrazki bat eta abar).
  5. Ekoizpena sarean partekatuko litzateke eta beste eskolako kideekin partekatzeko aukera luzatuko da.
Ebaluaziorako proposamena:

Hizkuntzaren zenbait erabilera-eremutan sortutako ahozko, idatzizko eta ikus- entzunezko diskurtsoak ulertu dituzte.

Ahozko zein idatziko mezuak modu txukun eta koherentean komunikatu eta espresatu dira.

Administrazio publikoek pertsonen eta enpresen bizitza ekonomikoan zer eragin duten dakite, eta haren zerga-sistema eta gizarte-ongizatean duen eragina ikasi dute.

Errentaren birbanatze-eginkizunaz jabetu dira eta zer zerga-betebehar ditugun herritar gisa ohartu dira.

Espainiako, Europako eta Euskal Herriko ekonomiak nazioarteko testuinguruan duten egoeraren eta perspektiben ezaugarri nagusiak zein diren ulertu dituzte.

Estatuak ekonomian izan dezakeen esku-hartzearen mailak aztertu eta jarduera ekonomikoan duen eginkizunaren abantailak eta desabantailak ikusi dituzte, birbanatzeko eginkizuna duela ulertu dute, eta, beraz, denok administrazio publikoen karga orokorrean ekarpena egin behar dugula ulertu dute.

Demokratikoki aukeratu ditugun ordezkariek hartzen dituzten politika ekonomikoko erabakiek kontrol demokratikoa behar dutela, batetik, eta altxor publikoak kudeaketa gardena izan behar duela, bestetik ulertu dute.

3- LANDU BEHARREKO EDUKIA: IRUZUR FISKALA ETA DILEMAK

Metodologia: pentsamendu kritikoaren garapena

Pentsamendu kritikoa garatzeko, ikasleak tentsio kognitiboa edota ideologikoa eragiten dieten egoeran jartzen ditugu. Gure kasuan, dilemen teknikan oinarrituko gara, identifikazioak eta urruntasunak eragiten dituzten bideoekin batera. Horrela, gauza batzuekiko adostasunak eta beste batzuekiko ezadostasunak probokatuko ditugu eta hortik, bai bakarka eta bai taldeka lantzen dira iritziak, argumentazioak aberastuz.

Hasieran bideo batzuk erabiliko genituzke eztabaidak pizteko (Paradisu Fiskalak eta abar), eta komunikabideetako kasuren bat har dezakegu, prentsako titularra, eta albisteak klasean lantzeko.

Ondoren, dilemak lantzen joango ginateke. Dilemen ezaugarri nagusia da badagoela ebazpen bat ikuspegi indibidualetik irabaztea dakarrena, baina beste ebazpen batean, kolaboratiboki edo ikuspegi sozialetik ikusita abantaila dena. Tentsio horretan, gure proposamena hauxe da:

  1. Lan indibiduala: iritziak idatziz jaso. Idatziz jasotzeak garrantzi handia du, bestela adostasunerako joera izango dute eta argumentuak homogeneizatzekoa
  2. Taldean eztabaidatu
  3. Denon artean argumentu batzuk aztertu, landu eta sakondu irakaslearen laguntzaz
  4. Berriro bakarka, bere erabakia argumentatzea
Curriculumeko konpetentzia posibleak:

Bai ahoz eta bai idatziz modu txukun, koherente eta zuzenean espresatzea eta interaktuatzea, eta horretan, errespetua, kooperazioa eta espiritu kritikoa hartzea oinarri, zenbait komunikazio-premiari modu eraginkorrean erantzuteko

Hizkuntzaren zenbait erabilera-eremutan sortutako ahozko, idatzizko eta ikus- entzunezko diskurtsoak ulertzea, bai eta haien edukia nahiz forma modu kritikoan interpretatzea ere, zenbait motatako komunikazio- egoerei aurre egiteko. Gaur egungo EAE eta haren egoera historikoa izanda, herritarrok guztion ondasunak eta gure gizarte-ongizateko sistema mantendu eta hobetzeko ditugun betebeharrak gure gain hartuz, zerbitzu publikoen finantziazioan parte-hartze indibiduala eta kolektiboa, elkartasuna eta birbanaketa aintzat hartuz, zerga-betebehar indibidual eta partikularren bitartez gure gizartea kohesionatzeko elementuak diren heinean, bidezko garapen jasangarriarekin konprometitutako bizi-proiektu bat eraikitzeko bidean.

Giza eskubideak urratzea dakarten egoerak identifikatu eta aztertzea (pobrezia, muturreko desberdintasunak...).

Nork bere diskurtso etikoa eratzea, hari dagokion irizpide moralarekin, bizitzako egoerei inpartzialtasunez eta ikuspegi konstruktiboz heltzeko.

Ekonomiak enpresen eta pertsona fisikoen eguneroko bizitzan dituen ondorioak aintzat hartzea. Horren helburua da etxeko ekonomiako eta enpresako ekonomiako ohiko egoerei ongi eta irizpide egokiez aurre egitea.

Nork bere burua eta besteak gizartearen eta norbanakoaren arteko tentsioaren emaitza gisa hautemateko

Jardueraren sekuentzializazio proposamena:
  1. Hasieran bideo batzuen bidez gaia aurkeztuko litzateke.
  2. Ondoren, kasu azterketako bi bideo jarri eta ikasleek egoera bakoitzaren aurrean egingo luketena idatziz jasotzea izango litzateke asmoa. Ikasleek beraien erantzunen zergatiak idatziz arrazoitu behar dituzte.
  3. Jarraian, talde eztabaida sortuko litzateke eta taldean ideiak partekatu ondoren pentsatzen dutena idatziko lukete.
  4. Behin irakaslearen laguntzaz gaia landuta azkeneko kasu azterketa bat egingo litzateke, bakoitzaren iritziak jaso, jarrerak aldatu diren ikusi ahal izateko. (Amaieran)
Ebaluaziorako proposamena:

Bai ahoz eta bai idatziz modu txukun, koherente eta zuzenean espresatu dira eta interaktuatu dute.

Espiritu kritikoa azaldu dute beraien iritzietan eta zenbait komunikazio-premiari modu eraginkorrean erantzuteko gai dira

Hizkuntzaren zenbait erabilera-eremutan sortutako ahozko, idatzizko eta ikus- entzunezko diskurtsoak ulertu dituzte, bai eta haien edukia nahiz forma modu kritikoan interpretatzeko gai dira.

Gaur egungo EAE eta haren egoera historikoa ezagutu dute, ondasunak eta gure gizarte-ongizateko sistema mantendu eta hobetzeko ditugun betebeharrak eta zerbitzu publikoen finantziazioan parte-hartze indibiduala eta kolektiboa, elkartasuna eta birbanaketa aintzat hartu dute.

Zerga-betebehar indibidual eta partikularren bitartez gure gizartea kohesionatzeko elementuak diren heinean, bidezko garapen jasangarriarekin konprometitutako bizi-proiektu bat eraikitzeko interesa azaldu dute.

Giza eskubideak urratzea dakarten egoerak identifikatu eta aztertu dituzte (pobrezia, muturreko desberdintasunak...).

Nork bere diskurtso etikoa eratzeko gai da, hari dagokion irizpide moralarekin, bizitzako egoerei inpartzialtasunez eta ikuspegi konstruktiboz heltzeko.

Ekonomiak enpresen eta pertsona fisikoen eguneroko bizitzan dituen ondorioak aintzat hartzen dituzte. Etxeko ekonomiako eta enpresako ekonomiako ohiko egoerei ongi eta irizpide egokiez aurre eginez.

Nork bere burua eta besteak gizartearen eta norbanakoaren arteko tentsioaren emaitza gisa hautemateko gai dira.